DANTZAZPI, KANTALEON, KARRIKALDI

DANTZAZPI, KANTALEON, KARRIKALDI

Euskal Kultura bestaren arima

 

Berritzaileak eta aintzindariak Euskal Herrian, Baionan sortu dira, Dantzazpi duela 25 urte Kantaleon duela 20 urte eta Karrikaldi doi doia duela 10 urte, doakien arrakastarekin.

 

Hiru izen eta helburu bakarra

Helburu hori, euskal kultura herrikoiarena da : BESTAREN EGITEA, eta hunek dizkio behar diren tresnak hortarako eman. Diote euskaldunek besta maite dutela, ez ! bestaren egitea dute euskaldunek maite, dantzatuz, kantatuz, bertsuak botatuz, jostatuz eta nolaz ez jan eta edanez.

 

Has gaiten hastapenetik.

Mutxiko berpizte garai bete betean, duela 25 urte, Leinua eta Ibaialde elkartek asmatzen zuten Dantzazpi ekitaldia, oren bat mutxiko eta fandango Montaut plazan (orduan Besten erdigunetik urrun zelarik), Larrain Dantzak bukatzen zuena, Iruñako Bailablesen moldean. Geroztik zazpi probintzietan hedatu da kontzeptu hori bai eta ere urunago. Bost urte eta gero, asperturik euskal kantuetan hitz baino gehiago lalalala entzuteaz, Ibaialdekoek bestarako tresna berri eta behar beharrezkoa ateratzen zuten, sakelako kantu liburuxka bat, urte bakotx azal berri batekin, batzu eztabada beroen ituri izan direlarik. Dena den kantu liburu horrek ainitz ume izan ditu eta euskal kantuari bere hitza eman dio.

 

Montaut euskal kulturaren bihotz.

2005 urtea arte, aberastu da Montaut plazako eskaintza. Dantzazpi eta gero eman ziren lehen Baionako Jotak eta duela 18 urte Baionan Kantuzek oren bat kantuekin programa luzatzen zuen. Hantik laster Baionako Ikastolek sagarnoa eskaintzen hasi ziren kantuak eta dantzak egarritueri, eta bide beretik, Baionako Ikastolek uzten zuten beren Cordeliers karrikako talo saltzeko garajea, zinezko berotegia hainbat buraso belaunaldientzat, taloa Baionako Bestetan duela berrogei bat urte sartu zutenetik gozatu zutena. 2005 urtean ere, Jazz programa bat jarri zen plazan, eta hor lekua hertsiegi zela argi agertu zen, mukurru zen plazan hatsaren hartzeko arazoak ere izan baitzituzten batzuek. Behar zen aldatu eta sustut aintzinatu.

 

Karrikaldi karrika betean.

Leku zabalago bat behar zen, Jacques Portes plaza izan da ; behar zen izen bat ekitaldi berri horrentzat, Karrikaldi izendatu da ; behar zen programa aberastu bat, ostegun eta igande artean egunean 7 ordukoa eratu da, orotarat 28 ordu animazio eskainiz Besten garaian, Ikastoletako ostatu eta talo jatetxeak lauzkatzen duena. Bi parte badaude programan : lehena Gaztelu zaharraren azpian diren mailer buruz, dantza ikusgarri eta kontzertu batekin, talde amaturrek airosten dutena eta bigarena, praktikarena, Dantzazpirekin lehenik Baionan Kantuzek jarraitzen duena, eta bukatzeko hamar urte ere betetzen dituen Karrikadantza, europako folk dantzak eskaintzen dituenak. Azken urteetan ere, Orai Bateko 7 zigantek osatu dute dantza tokia, emanez jender borobilak egiteko parada.

 

Zer berritasun 2015ean

Asko daude. Lehen osteguneko Dantzazpia, lehen urteko Dantzazpiko soinulariek eremanen dute eta igandeko azkeneko Larrain Dantza, Uztaritzeko gaita orkeztra osoak, gaita luzeak barne, joko dute. Kantaleon berezia ondu dute Ibaialdekoek berriz emanez azalean, aintzineko 19 urtetakoak, Kantaleon bat lehen bai lehen eskuratzen ahal dena Turismo Bulegoan eta astezken goizeko arroltze moleta txapelketan. Kantu solas beti, aurten ez dugu lau egunez Baionan Kantuz izanen bainan BAB Kantuz, ostegunekoa Angeluko Ibaialdekokorok animatuko baitu, ostirailekoa Biarritzeko Arrokak eta larunbata igandeko azken biak Baionako Tuntunak, jota berri batekin nun « Aviron » eta « Asiron » hitzek errimatzen duten« fusio » ezinezko baten inguruan.

Bainan lehen sorpresa, astezken arratseko idekitzean daike, Kantaleon Besten goi maileraino eremana baiditaike, hunen aurkezpenarentzat Baionan Kantuz berezi bat baiditaike besteak beste, arratseko 9ak eta 9ak eta 40 artean. Kantaleon liburuttoa beharko da bainan Novaldi enpresak garatu du astezkeneko kantuak errepikatzeko, hitzak eta bideoak proposatzen dituen telefonoko aplikazio bat, dohainik, Besten eta www.baionan-kantuz.com web gunetan telekargatzen ahal dena. Kantaldi berezi horrentzat, Baionan Kantuz urtean zehar jarraikitzen dutenek Turismo Bulegoan hartzen ahal dituzte eskumuturrekoak, Baionan Kantuzen oholtzari urbil kantatzeko gisan.

Beraz hitzordu duzue astezken arratsean balkoi azpian eta ostegunean arratsaldeko 4ak eta laurdenetan Karrikaldin, presidentaren hitzartzearentzat eta antolatzailek botako dituzten zazpi talozko gakoen harrapatzeko.

 

Karrikaldi antolatzen duten elkarteak : Leinua, Ibaialde, Tuntuna, Orai Bat, Trikili Trakala, BIL (Baionako Ikastolen Laguntzaileak)

 
>> KARRIKALDI programa osoa

< Retour à la liste d'actualités